Ekainak 19: El Fary

Jose Luis Cantero, ezagunagoa El Fary ezizenez, (Madril, 1937ko abuztuaren 20a – 2007ko ekainaren 19a) aktore eta abeslari espainiarra izan zen.
Sei anaiaren artean gazteena, Madrilgo Las Ventas auzora joandako Buenache de Alarconko familia xume batean jaio zen, zezen plazatik gertu. Umetan eskolan maiz egiten zuen piper eta Rafael Farina kopla abeslaria —bere idoloa— imitatzen ematen zuen denbora. Hari hartu zion ezizena.

Arrakasta izan aurretik, lorezain eta taxi gidari moduan ibili zen bere lehen abestiak grabatzeko behar zituen diruak lortzeko. Diskoak grabatu eta editatu ostean, berak saltzen zituen Madrilgo Rastroan. Garai haietan irratiko abeslari lehiaketetan parte hartzen zuen eta herriko festetan ibiltzen zen. 30 urtetik aurrera hasi zen dirua irabazten Kordobara deitu zutenean beste abeslari bat ordezkatzeko. Aurrerago, Antonio Molina legendarioak kontratatu zuen bi hileko bira baterako.

70. hamarkadan kopla gainbehera hasi zen, baina horrek ez zuen El Fary gogogabetu eta hamarkada haren amaieran Espainiako arrakasta zerrendetan sartzen ziren kanta poperoagoak grabatzen zebilen.

Egilea: Mikel Mujika




Los comentarios están cerrados.