Otsailak 28: Odón Alonso

Egilea: Adiran Lazaro

odon alonsoOdón Alonso espainiar orkestra-zuzendaria izan zen. La Bañeza, Leonen jaio zen 1925ean eta Madrilen hil zen 2011an. Madrilgo Kontserbatorioan musika-ikasketak egitearekin batera, Filosofia eta Letretako karrera egin zuen unibertsitatean. Gero, Sienan eta Vienan jarraitu zituen musika-ikasketak. 1952an hasi zen zuzendari-lanetan antzinako musikan espezializaturiko Solistas de Madrid taldearekin. 1956an, Zarzuelako Antzokia berriro zabaldu zenean, hango zuzendari izendatu zuten. 1968an, Espainiako Irrati-telebistako Orkestra Sinfonikoaren zuzendaritza eman zioten. Aldi berean, Madrileko eta Bartzelonako opera-sasoietan, Odón Alonso izan ohi zen zuzendari. Puerto Ricoko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra izan zen, bai eta Europako beste hainbat orkestratakoa ere. Bere errepertorioan, barrokoko oratorioak (Monteverdiren Vespro della beata Vergine, Händelen Teodora), erromantizismoko sinfoniak eta eszena-musika aurki daitezke. Musikariekin komunikatzeko zuen gaitasuna medio, koherentzia eta musikaltasun handikoak izaten ziren berak zuzentzen zituen interpretazioak. Hainbat sari jaso zituen, hala nola SGAEren ohorezko domina eta Frantziako Arte eta Letren Ordenako ofizial titulua. Soriako Musika Udazkena delako jaialdiaren zuzendari izan zen hil  arte.

(Wikipediatik hartuta)




Los comentarios están cerrados.