Abenduak 28: Richard Clayderman

claydermanRichard Clayderman, pianojole frantziarra, Parisen jaio zan 1953ko abenduaren 28an.

Mundu guztian oso ezaguna da, 70 miloi diska baino gehiago saldurik eta 600 kontzertutik gora eskeiniaz.

Umea zala bere aitagaz hasi zan pianoa ikasten, eta hamabi urtegaz Parisko kontserbatorioan sartu zan.

1976. urtean, Disques Delphine disketxeak kontratatu eban balada batzuk grabatzeko. Sasoi honetakoa da Ballade pour Adeline, Paul de Senneville bere kideak konposaturikoa, eta arrakasta itzela lortu ebana mundu mailan.

1500 obra baino gehiago grabatu dauz, bakarlari moduan baita orkestra laguntzaz.


Abenduak 27: Joan Manuel Serrat

serratJoan Manuel Serrat, kantautore kataluniarra, Bartzelonan jaio zan 1943ko abenduaren 27an.

Artista arrakastatsua, bere abestiak katalanez nahiz gazteleraz konposatu dauz.

Bere lanak hainbat olerkarien eragina izan dau: Miguel Hernandez, Antonio Machado, Rafael Alberti, Federico Garcia Lorca, Pablo Neruda, besteak beste.

Doinuaren aldetik Kataluniako folklorea, Espainiako kopla, tangoa, boleroa eta Latinoamerikako musika herrikoia izan dira abiapuntu hainbat abestietan.

1968an Eurobisiora joateko aukeratu eben La, la, la abestiagaz, baina Serratek katalanez abestu nahi eban, eta azkenean Massielek gazteleraz interpretatu eban.

Hainbat sari eta onarpen lortu dauz bere ibildean zehar.

Serraten abesti ospetsuen artean hurrengoak aipatu daikeguz: Mediterraneo, Lucia, Penelope, Caminante no hay camino, Tu nombre me sabe a hierba, Hoy puede ser un gran dia,…


Abenduak 26: Norma

norma1831ko abenduaren 26an, Vicenzo Bellini konpositore siziliarraren “Norma” opera estreinatu zan, Milaneko La Scala antzokian.

Bi ekitaldiko tragedia lirikoa da, Felipe Romanik italianoz idatzizko libretoagaz.

Norma, zeltiarren emakume apaiz nagusiak bere semealaben aitagan sentitzen dauan amodioari buruz da istorioa.

Opera honetako aria famatuenetarikoa “Casta Diva” dogu.


Abenduak 24: Peter Cornelius

corneliusPeter Cornelius, konpositore alemaniarra, Maguncian jaio zan 1824ko abenduaren 24ean, eta Maguncian hil zan 1874ko urriaren 26an.

Biolina jotzen eban eta gaztetarik liederrak konposatzen ebazan.

1841. urtean hasi zan konposizioa ikasten. Berlinen bizi zan sasoi batean, bere osaba Peter von Cornelius margolariagaz, eta hainbat pertsonai famatu ezagutu ebazan, Grim anaiak eta Mendelssohn, esaterako.

Lehenengo lan garrantzitsuak Weimar-en konposatu ebazan, eta gero Vienara joan zan bost urte bizitzera. Vienan Richard Wagner ezagutu eban, eta honen eraginez Munichera joan zan. Bertan ezkondu zan eta lau semealaba euki ebazan.


Abenduak 22: Giacomo Puccini

pucciniGiacomo Puccini, operako konpositore italiarra, Luccan jaio zan 1858ko abenduaren 22an, eta Bruselasen hil zan 1924ko azaroaren 29an.

XIX. amaierako eta XX. hasierako konpositore handienetarikotzat hartzen da.

Musikarien familia batean jaio zan eta bost urtegaz musika ikasketak hasi ebazan.

Antzerki musikalean sakondu eban, nahiko eklektikoa izanik, hizkuntza eta kultura musikal ezbardinak trebetasunez bereganatuz eta sintetizatuz.

Hamabi opera idatzi ebazan (beste musika lan askoren artean),  “Tosca”, “La Boheme”, “Madama Butterfly”, “Il Trittico” eta “Turandot” ezagunenetarikoak doguzalarik.